


Leku sakratua da, ia magikoa. Uhartearen eta lehorraren arteko harkaitz batzuen gainean egindako zubi estu baten bidez lotua dago kostari. Hortik gora 231 harmaila dituen eskailera igo eta arrantzale askoren pelegrinazio-toki den ermitara (X. m.) iritsiko gara. Leku paregabe honetatik Kantauriko itsasertzeko paisaia ikusgarrienetako bat miretsi ahal izango dugu. Kokagune bikain hau Bakio eta Bermeo artean dago, Gaztelugatxeko Doniene biotopoaren barruan, balio ekologiko handiko natur gune babestua izanik. Iparralderago joanda, Aketzeko harkaitz garai eta bakartia alde batera utzi eta Matxitxako Lurmuturrera iritsiko gara; Bizkaiko punta horretako itsasargia euskal kostaldera inguratzen diren itsasontzi guztien zaintzaile dugu.